Woven Hand + Seven Seas Duet

2010/12/04 Kafe Antzokia (Bilbo). Testua: Ibon Urresti (Low_Desert_Punk) 11 Abe '10

Taldeak: Woven Hand + Seven Seas Duet
Herria: Bilbo    
Tokia: Kafe Antzokia
Eguna: 2010/12/04

Otoitz egitean sortzen den gestutik dator Woven Hand izena.

Ezbairik gabe gauean ikusi beharrekoa aurreratzen zigun jada izen hutsak.

Neguko gau hotz eta ilun bat hiri handiko kale grisetan. Bilboko Kafe Antzokia eskenatoki... Woven Hand ikusteko baldintza paregabeak.

21:30 inguruan heldu ginen Antzokira, eta ordurako jada jende mordoa zegoen bilduta.  “Seven Seas Duet” bikote greziarra irten zen lehendabizi. Musika-tresna zaharrez baliaturik, greziako folk musika tradizionala eskeini ziguten. Kontzertu laburra izan zen, baina ondoren zetorrena iragartzen zuen “atmosfera mistiko” bat sortzen lagundu zuten.

Ia jarraian, David Eugene Edwards-en gizonak agertu ziren eskenatokira. Ordurako, antzokia ia beteta zegoen, baina pilaketa masiborik gabe.

Sustrai natibo amerikarretatik ernetutako folk iluneko gau bat geneukan aurretik Denverreko laukote honen eskutik.

Argiak itzali, eta jendearen zigarroen kea somatzen zelarik predikatzailearen ahots iluna abesten hasi zen. Lider espiritual bat bezela, aulkian jarri eta bere debotoei mintzatzen hasi zen. Edwards reberendoaren hitzek eta musikak oasi izerditsu batean bilakatu zuten antzokia.  Hasieratik “trantze” batean balego bezela mugitzen zen; bere barnean arima astoratuta izango balu bezela astintzen zuelarik bere gorputza. Kontzertu osoa begiak itxita pasatu zuen, Jim Morrison edota Ian Curtis bezelako jendea gogorarazi zidalarik. Poeta madarikatu baten modura, abesti bat eta hurrengoaren artean ingelesez zenbait esaldi errezitatzen zituen bitartean.

Baxu eta bateria base oso sendoarekin, disko berriko nahiz zaharretako kantuak jo zituzten, momentu oso lasaiak eta intentsoak tartekatuz. Honen erruaren zati handi bat Pascal Humbert baxu jotzailearena izan zen, bere baxuak, soinu errepikakor eta astun batekin mantra bat ebokatzen zuelarik.

Orokorrean, Eugene-ren eztarriko arazoak eta gure atzean kontzertu guztia builaka pasatu zuten batzuengatik izan ezik kontzertua borobila izan zen. Momentu batean gehiago ezin zuela esanez irten egin behar izan zuen Edwardsek, baina handik gutxira berriro agertu zen ur baso batekin, eta kontzertuarekin aurrera egin zuen. Eskertzekoa da hortaz, Edwardsek egindako esfortzua. Hori dela eta, nire ustez guztiz bidegabeak izan ziren kontzertu amaierako txistuak.

Jendeak gehiago nahi izan zuen, baina halaere bertaratutako guztiak sentsazio oso positiboaz irten ginela uste dut. Ia esperientzia erlijiosoa bizi izan genuen gau batean, kontzertuan ikusi eta ikasitako guztia eraman genuen etxera.

Testua: Ibon Urresti (Low_Desert_Punk)     Argazkiak: Danello

 

 

 

 

 

 


Komentarioak

Ez dago komentariorik