BERRI TXARRAKen KOMUNIKATUA BIG FESTIVAL-en GERTATUTAKOAREN INGURUAN

23 Uzt '12 0

Berri Txarrak taldeak komunikatua atera du pasaden ostiralean Miarritzeko BIG Festibal jaialdian eskaini behar zuen emanaldiaren inguruan.

Komunikatua:

Berri Txarrak taldeak Miarritzeko BIG FESTIVAL-en eman beharreko kontzertua bertan behera uztea erabaki zuen atzo, jaialdiaren ekoizpenaren arduradunengatik jasotako tratua onartezina izan zela deliberatuta.

18 urtetako ibilbidean lehen aldia da kontzertu bat suspenditzen duguna eta muturreko erabaki hau hartzea ez zen batere samurra izan, batez ere gu ikusteko sarrera ordaindu zutenak ikuskizunik gabe geratuko zirela jakinik. Hala ere, erabakirik zentzuzkoena hartu genuelakoan gaude. Egun osoa eman genuen bertan arazoak konpondu eta ekoizpen arduradunekin irtenbideren bat topatu nahian, baina alperrik izan zen, antolakuntzaren zati batek asmo onak agertu zituen arren.

Argi gera bedi taldearen erabaki hau ez dela inoren kontra egindako ekintza, lana profesionaltasunez eta geratu bezala egin ahal ez izanak hartaratuta baino. Aurretik adostutakoa ez zen bete, ez eta inongo abisurik gabe kontzertuko egunean bertan eginiko aldaketak ere.

Gertakari desatsegin hau ahaztu eta etorkizunean Miarritzeko herriarentzat kontzertu bat eskaintzeko asmo sendoa adierazi nahi dugu, atzo eman ez ziren baldintza normaletan betiere.

Azkenik, gure jarraitzaileentzako hitz erdi bat. Badakigu honen guztiaren azken kaltetuak zeuek zaretela, horregatik barkamena eskatzen dizuegu erabaki honetatik eratorritako eragozpenengatik. Aldi berean ulerberak izatea nahiko genuke, eta argi edukitzea taldeak ahalegin osoa egin zuela beti bezala taulagainera igo eta dena emateko. Minduta gaude oso, baina birak aurrera darrai. Plazer baduzue kontzertuetan ikusiko dugu elkar, gure lantaldea errespetatuko duten beste edonon.

Atzera goaz aurrera ez bagoaz"

BTX.

Info zabalagoa:

 


Komentarioak

Ez dago komentariorik