Agur Markos!

11 Abe '18 0


no img

Iragan ostiralean, abenduak 7an utzi gintuen Markos Gimeno Vesga Ermuko musikari eta artistak. Markos gaztetan hasi zen musikaren munduan, The Pepes hardcore taldean. Julio Kagetaren  “Mestizu” diskoaren aurkezpen biraren azken kontzertuak eskaini zituen ordura arteko baxujolea ordezkatuz. Taldeak bere ibilbidea eten zuenean Dantzut proiektua ontzen hasi ziren taldeko hainbat kide eta bertan izan zen bera hasieratik, baxua jo, letrak idatzi eta taldearen argitalpenen diseinuak bere gain hartuz. Dantzut amaitu eta PAM (putoamoakmatematiketan) taldea sortu zenean ere lan horiekin jarraitu zuen, hainbat kanturi ere ahotsa eskainiz.

Musikaz gain eta askotan harekin lotuta beste espresiobide anitzei lekua egin zien Markosek, ilustratzaile, diseinatzaile eta marrazkilari izan zen; antzerkiaren munduan hainbat produkziotan parte hartu zuen, Ermuko antzerki taldearekin zein bakarka edo bikoteka Juanma Rodriguez lagun minarekin; olerkigitza punka landu zuen Punkpoetas proiektuan, eta bereziki ezaguna izan zen palindromo (atzekoz aurrera zein aurrekoz atzera berdin irakurtzen diren hitz jokoak) eta bestelako hitz kontorsioekin. Bere web orriaren (http://zerorajasoa.com/) bidez palindromo ariketak eta jolasak eskaini zituen, “Aza. Palindromo ariketak” publikatu zuen eta baita “Skizopoziks” liburua, izen bereko antzerki espektakularekin lotua.

Mundu ezberdinetatik edan zuen beraz, eta mundu ezberdinetara egin zituen ekarpenak. Goizegi utzi gaitu Egizu Zuk Zeuk filosofiaren astintzaile honek, eta bere hutsa nabarmena izango da hainbat ingurutan. Larunbatean azken agurra egingo diote Ermuan lagun eta senideek.

PAM taldearen orria musikazuzenean komunitatean
http://musikazuzenean.com/pam

Argazkia: Sara Rodriguez


Komentarioak

Ez dago komentariorik